KAIXO LAGUNAK!


Gaurkoan berri gazi-gozo bat ematera gatozkizue. Gazia, lan handia egin eta gero eta gure onenak eman ostean, ibilbidean etena egin behar dugulako; gozoa, egindako lan guzti horrek poztasun izugarriak ekarri dizkigulako bueltan.

Pena handiz eta asko kostata, Karena crowdfunding plataformaren jarduerarekin amaitzea erabaki dugu. Ez da erabaki erraza izan, baina bai ezinbestekoa. Izan ere, eta askok dakizuenez, ekimen hau euskara eta kultura bultzatzeko sortu genuen proiektua izan zen hasieratik, eta bertan lanean ibili garenok bolondres gisa ibili gara horretan, gure lanbideak uzten dizkigun tarteetan. Baina tarteak ere murrizten joan zaizkigu!

Duela hiru urte luze hasi ginen karena eraikitzen. Gure inguruan eta arlo ezberdinetan zebiltzan sortzaile askok buruan zeuzkaten ametsak gauzatzeko bide bat jorratzeko tresna bat sortzeko beharra ikusi genuen. Crowdfunding sistema interesgarria iruditu zitzaigun, auzolanarekin zuen loturagatik, besteak beste. Horrela lan egiten zuten plataforma batzuk ere bazeuden, baina bat bera ere ez euskalduna. Eta gure hizkuntza esparru guztietan erabili ahal izateko, baliabideak haietan guztietan izan behar ditugunaz sinetsita gaude. Hortaz, aurrera egin genuen gogotsu.

Denbora pasa da, eta 30 proiektutik gora izan ditugu gure baitan hazten. Gehienek, aurrera egiteko ezinbestekoa zuten laguntza erdietsi dute; beste askok, zuten egitasmoa zabaltzea eta ezagutzera ematea lortu, behinik behin. Guk denak ditugu bihotzean . Azken finean, crowdfunding sistemaren filosofiaren oinarria horixe baita: guztion artean, sinesgarri eta interesgarriak iruditzen zaizkigun ekimenak gauzatzen laguntzea; jende askoren inplikazioa, ilusioa, eta indarra baliatuz, Kultura sortu, landu eta kontsumitzeko beste eredu bat proposatzea, alegia. Erabat posible delako.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu parte hartu duzuen guztioi, bai proiektuak proposatzen, bai gurekin batera horiek gauzatzeko saiakeran, eta baita ere noski haietako bakoitza sostengatu duzuenoi. Guztion artean egin dugu Karena!

Mila esker baita ere sare sozialetan edota bestela ere ekimen hau hauspotzen eta zabaltzen lagundu diguzunoi. Mila-mila esker, bihotzez.

Auzolanean eta filosofia horrekin bat eginda dabilen jendea ere ezin ahaztu. Oilategian izan ziren ekimen guztiei eskerrik asko ere, noski. Segi gogor!

Bukatzeko, ohar txiki bat: sare sozialetan eratu dugun lagun-talde handia kontuan izanik, eta besterik ez bada neurri batean kultura eta euskararen alde apal lanean jarraitzeko asmoz, facebook eta twitter profilak ez ditugu itxiko. Horien bidez gure inguruan sortzen jarraituko diren proiektuen berri ematen saiatuko gara, eta bereziki interesgarriak diren ekimenak zabaltzen lagundu, bide batez.

Ate bat ixten denean leiho bat irekitzen omen denez, ziur bidean berriz topo egingo dugula.

Eskerrik asko!!!

Ekain, Unai eta Txemi